Elkarrizketa, orain Matrakan
Sergio MongeMatrakan ere agertu naiz. Deian eta Publikon agertu eta gero, Matrakako elkarrizketa nola geratu den asko gustatzen zaidala esan behar dut. Kasu honetan eskertu behar diot kazetariari nire hitzen beridasketa. Momentu txarrean harrapatu ninduen eta nahiko traketsa izan da nire diskurtsoa euskaraz. Kazetariak berridatzi ditu nire hitzak baina zentzu originala gordetzen. Eskerrik asko, Leire.
Dirudienez, Matrakaren web orrian ez daude permalinkak. Beraz, elkarrizketa desagertuko da hurrengo astean. Hemen kopiatzen dut gordetzeko (iturri originala):
Irakaskuntza, teknologia berrietatik urrun
Gizarteko aldaketen aurrean, hezkuntza eredua «zaharkitua» geratzen ari dela ondorioztatu du Sergio Mongek.
«Teknologia berrien ondorioz, gizartean aldaketa ugari izan dira. Jakintzaren kontzeptua ere erabat aldatu da, baina gero, aldaketa hori ez da hezkuntza sisteman islatzen». Sergio Mongek EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean egin duen doktore tesiaren ondorio nagusia da. «Gure gurasoen garaiko sistema bera erabiltzen dute irakasteko, hezkuntza eredua ez da asko aldatu azken 100 urteetan». 2007ko urrian aurkeztu zuen bere tesia Mongek, Euskal eskola aldaketa teknologikoaren aurrean. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak irakaskuntzan izenburupean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako derrigorrezko bigarren hezkuntzan egin zuen azterketa.
Teknologia berriak gizartea eraldatzen ari diren garai honetan, informazioaren gizartean bizi garela esan ohi da. Azken 100 urteetan irratia, telebista, ordenagailuak eta Internet agertu dira. Gaur egun, informazio iturri ugari ditugu eskura. Teknologia berri horiek irakaskuntzara eramateko beharra behin baino gehiagotan aipatu da. Alde horretatik, tresna horiek ikasgeletan eta hezkuntza sisteman izan duten eragina aztertzea zen ikerketaren helburu nagusia, baina eskolen oinarria inprimitutako hitza izaten jarraitzen duela ondorioztatu du. Ildo horretatik, ordenagailua ikastetxeetara eramatea «ez dela nahikoa» ikusi du Mongek; «gero, ikasgelan irakasteko modua ez baita aldatu». Teknologia berriak ez direla hezkuntzako arazoak konpontzeko eta ezagutzaren kontzeptu berrira egokitzeko erabili uste du. Hezkuntzan txertatzerakoan, teknologiak ezagutzan nola lagun dezakeen aztertu behar zela pentsatzen du, «baina jakintzaren kontzeptu berriaren inguruan hausnarketarik ez da egin».Jakintzaren kontzeptua nola aldatu den azaltzeko inprentaren sorrerarekin alderatzen du: «Aldaketa handia ekarri zuen inprentak; liburuak eta kultura merke ekoiztea posible zen. 100 edo 200 urtetan, gure jakintzaren kontzeptua erabat aldatu zen». Teknologia berriak sartzean, jakintzaren kontzeptua «azkarrago» aldatu dela dio, 10 edo 20 urtean; «baina aldaketa hori hezkuntzara oraindik ez da iritsi».
«Gure gurasoen garaian, buruz ikastea eta datu asko gogoratzea zen asko jakitea». Agian duela mende bat horrek «zentzua» izan zezakeela pentsatzen du. Baina gaur egun sarera konexio bat eta ordenagailu bat izatea nahikoa da, behar dugun informazioa klik baten bidez momentuan lortzeko; alde horretatik, memoriak garrantzia galdu duela uste du. «Gaur egun, informazioa buruz ikasi baino hobe da eskura ditugun askotariko informazio iturriak erabiltzen jakitea: informazio hori bilatu, antolatu eta kontrastatzeko gai izatea, gaitasun kritikoa garatu ahal izateko».
Gizartean gertatzen ari diren aldaketa azkarren aurrean, hezkuntza sistema «zaharkitua» geratzeko arriskua ikusten du doktore tesiaren egileak. «Gaur egungo ikasleek egiten duten selektibitatean, programa bat eta eduki batzuk buruz jakitea eskatzen zaie. Ebaluaketa sistema berarekin jarraitzen dugun bitartean, hezkuntza eredua aldatzea zaila izango da». Esaterako, historia irakasgaiari dagokionez, informazioa buruz jakitea baloratzen du gaurko sistemak; baina ordenagailuen bidez ere asko ikas daitekeela uste du Mongek: «Gaiari buruz dauden askotariko informazioak bilatuz eta elkarren artean kontrastatuz».
Ikasleak, jakintzaren eraikitzaileak
Teknologia berriek ematen dituzten aukerak ikusita, hezkuntza eredu berri batean, irakasleen rola ere zerbait aldatu beharko litzatekeela pentsatzen du ikerketaren egileak: «Orain arte irakaslea zen jakintzaren jabea, eta ikasleei transmititzea zen haren lana». Ikaslea bera izan behar dela jakintzaren eraikitzailea dio; «ikasleak sortu behar du bere jakintza askotariko iturriak erabiliz». Azaldu du irakasleek eman behar dizkietela ikasleei informazio iturriak eta ezagutza hobetzeko tresnak.Orain arteko eredua aldatu eta teknologia berriekin ahalegin handiagoa egitea eskatuko lieke horrek irakasleei. Mongek onartzen du oztopo batzuk badaudela, eta irakasleak etengabe «erreziklatzen» jarraitzea beharrezkoa dela. «Baina, oro har, irakasleek badakite gutxi gora-behera teknologia berriak nola erabili, gutxieneko maila badute». Irakasleen arazoa konpontzea baino konplexuagoa ikusten du hezkuntza sistema aldatzea. «Ebaluazio eta sistema berarekin jarraitzen bada, nahiz eta irakasleek teknologiaren bidezko eredu berriak jarraituz irakasten saiatu, oso zaila izango da, oztopo asko izango baitituzte». Ondoren, ikasleak unibertsitatean sartzeko hautaprobak egitera doazenean, balio diena aurrez ezarritako programa ikastea baita. «Hori ikusirik, buruz ikasteak ez du zentzurik informazioaren eta teknologiaren garaian gauden honetan; Internet bidez edozer jakin edo ikertu baitaiteke minutu batzuetan».
Josu Orbe, bere asteroidetik, hiru elkarrisketari buruz idatzi du: Deia, Público eta Berria. Eskerrik asko ere, Josu.
Si te ha gustado este artículo, asegurate de suscribirte a la fuente RSS.